San Prudentziok goranzko joeran jarraitzen du eta asteburu honetan hirugarren garaipena jarraian lortu du. Eskolako taldeak Amurrio garaitu zuen Sansomendin (3-1) eta bisitarien golari buelta eman behar izan zion hiru puntu baliotsuak lortzeko.
Gutxiagotik gehiagora, Toriok ez zuen partida hasiera ona eskaini. Gasteiztarrak zehaztasunik gabe aritu ziren baloiarekin, ez zituzten banakako lehiak irabazi eta urduritasun sentsazioa eman zuten. Horrela, partida hasi eta 25 minutura, Amurriok lata ireki zuen geldikako ekintza bat baliatuta.
Pitxer bat ur hotz, baina San Prudentzioren aldetik meritu handiko erreakzioa eragin zuena. Etxekoek buelta eman zioten markagailuari bost minutu eskasetan. Urkok, lehenengo, Nazarren erdiraketa baten ondoren, 31. minutuan berdindu zuen lehia. Eta handik lau minutura, Nazarrek arratsaldeko bigarrena sinatu zuen.
Aldageletatik pasatzeak automatismoak doitzeko eta atsedenaldiaren ostean bertsio sendoagoa eskaintzeko balio izan zion San Prudentziori. Taldea bikain aritu zen, defentsan amore eman gabe t pazientzia baloiarekin. Eta joko ordua gainditu eta gutxira, Gaizkak hirugarrena eta behin betikoa sinatu zuen korner jokaldi batetik. Azken finean, hiru puntu garrantzitsu sentsazioak berresteko eta lehen lau sailkatuen artean mantentzeko.
"Emaitzarekin pozik, oso dinamika onean gaude eta horrela jarraitu behar da. Taldea ez da konformatzen, gehiago nahi du eta ezbeharren aurrean behera ez etortzeko pentsamoldea erakusten ari gara ", adierazi zuen Jonatan Toriok partidaren amaieran.