LEHEN HEZKUNTZAKO 5. MAILAKOEK ZELIAKIDE PROIEKTUAN HARTZEN DUTE PARTE

 

Bigarren hiruhileko honetan, Lehen Hezkuntzako 5. mailakoek asko ikasi dugu elikadurari, mantenugaiei eta digestio-sistemari buruz. Gainera, EHUko  ikerketa-talde batekin lan egiteko aukera izan dugu, eta zientzialari bihurtu gara zeliakiari buruz ikertzeko eta ikasteko.

Euskal Herriko Unibertsitateko, UPV/EHUko, GLUTEN3S ikerketa-taldearen helburu orokorra da pertsona zeliakoen eta/edo glutenarekiko sentikorren bizi-kalitatea hobetzea. Beren jarduerak hiru ikerketa-ildotan taldekatzen dira: 1) glutenik gabeko elikagaien inguruan lan egiten dute, proteina horren gabezia bermatuz eta haien nutrizio-propietateak hobetuz; 2) zeliakoen egoera nutritiboa sustatzen dute, glutenik gabeko dietaren nutrizio-oreka bilatuz, mantenugaien gabezia ekidinez, sintoma eza bultzatuz, etab.; 3) pertsona horien inklusioa sustatzen dute biztanleria osoaren Nutrizio Hezkuntzaren bidez.

Azken testuinguru horretan sartzen da gure ikastetxean ezarri duten ZELIAKIDE proiektua. Nutrizio-Hezkuntza esku-hartzea da, Lehen Hezkuntzako 5. mailako gure ikasleek garatu dutena. Dieta orekatuari heldu diote, glutenduna edo glutenik gabea, gure ikasgeletan hamarretako osasungarria sustatuz. Gure ikasleek glutena eta zeliakia zer diren ezagutu dute eta ikuspegi zientifikotik egin dute, behaketan oinarrituta. Gainera, dieta desberdinak jarraitzen dituzten pertsonekiko enpatia garatzea lortu dute, ikaskide guztien inklusioa sustatuz, espiritu kritikoa eta inguruarekiko jakin-mina aplikatuz.


Orrialde honetan bisitarien estatistikak gordetzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu onartzen dituzula esan nahi du Informazio gehiago

Itxi